Aldiri Arkitektura eta abar, 42. Zenbakia, 2020
Testua: Halo arkitektura

Era transnazionalean ematen den globalizazio prozesuak hiri espazioak ulertu eta bizitzeko joerak aldatzeaz gain, espazio domestikoan ere eragina du. Hurrengo lerroetan, eraiki berri edo eraikitzeke dauden etxebizitza promozioen lagin bat hartuz, homogeneizazio prozesua aztertuko da. En la búsqueda de avances y soluciones ante crisis emergentes, urge repensar cómo habitamos el mundo. Entendemos el habitar doméstico como la unidad mínima que configura nuestra manera de habitar y cuidar el entorno natural y humano. Por ello proponemos esta guía para, juntas, repensar lo doméstico y así poder rehabitar el mundo.

Doktrinazio aztarnen bila

Argi dago hirigintza eta arkitektura eraikiak, momentuko errealitate politiko, sozial, ekonomiko eta teknologikoarekin lotura zuzena dutela; hau horrela izanik, egun, garai honetan bizi dugun kapitalismoaren eragina aztertu dezakegu.

Kapitalismoa produkzio modeloa dela erakutsi zigun Marxek, baina Weberren arabera bizitzeko modua ere badela argi daukagu (Ander-Egg, 2007). “Munduan nolakoa izan” horrek balore neoliberaletatik abiatutako portaera-eskeman du oinarria, hau da, kontsumo gizarteak markatutako bidean jarraitzean errotzen da. Berlineko harresiaren gainbeheraren momentutik, sistema kapitalistak proposatzen duen izateko-bizitzeko era munduan zehar zabaldu eta errotuz joan da, besteak beste, indibidualtasunaren papera goraipatuz eta gainontzeko jokamoldeak hutsal bihurtuz.

Prozesu honen agente aktibo moduan, askotan nabarmendua izan da, ikus-entzunezkoen produktuak zein marketing kanpainek adimenen domestikazioan ekiten dutela, jarraitu beharreko ideologia nagusiak norbanakoaren ikusezintasunera garamatzalarik. Mendebaldeko gehiengoaren desioak behin eta berriro gogoraraztean, norabide berdinean ibiltzea iradokitzen digute, homogeneizazio kulturalaren hazia ereinez.

Prozesu honen inguruan Zaida Muxíren «La arquitectura de la ciudad global» liburuan aipatzen den moduan, «globalizazio prozesuaren ekiteko era lurraldearen jabetze, hiria egiteko modu eta berezko arkitektura bati estuki lotua dago» (Muxí, 2004). Liburuak hiru eskala aztertzen ditu: hiri plangintzan bilatzen den hiri-marka, hiri antolakuntzan ematen diren aisialdi-kontsumo espazioak eta azkenik bizitegi gune-tipologia berriak. Sarreratik argi erakusten du bere hipotesia, bere ustez «ekimen globalak izaera lokala era gradualean desagerrarazten du, munduan zehar zabaltzen diren proposamen klonatuekin bere interesak gailenduz».

Hirigintza mailan izan duen eraginaz gain, eta eskala txikiagoko arkitekturara salto eginez, globalizazio neoliberalaren prozesu honek eragina izango al du eskala domestikoan? Definitzen al du gure etxearen barne antolaketa eta bertan bizitzeko era gure izaera bideratuz?

Ekonomia eta botere globalizatuek gidatutako mundu honetan, doktrinamendurik bada, honek eskala globala izango duela argi ikusten dugu. Hau da, botereak programaturik edo sistemaren ondorio izanik, doktrinazio hau ematekotan, mundu zabaleko arkitektura domestikoaren eskaintza homogeneizaturik agertuko litzateke. Izaera lokalaren disoluzioa ematen da? Proposamen klonatuak zabaltzen ari dira?

Etxebizitza eskaintzaren azterketa-jolasa

Guzti hau aztertzeko, esku artean ditugun baliabideak erabiliz, gaur egungo eta munduko hiri ezberdinetan aurkitu daitezkeen etxebizitza promozio berrien eskaintzaren inguruan analisi-jolas bat egiten saiatu gara. Bizileku hauen barne banaketan baino ez gara fijatuko, arkitektura eta espazio domestikoen adierazgarri zuzenena.

Analisirako sustatzaile ezberdinen web guneetan salgai dauden promozio berrien artean oin planoa zutenak aukeratu ditugu alderaketa era garbiago batean burutu ahal izateko. Horrela, bi logeladun etxebizitzak hartu ditugu, non atikoak edo bestelako espazio gehigarriak zituztenak baztertu ditugun (honek bizitokien tamaina mugatu digu).

Horretarako, hiri kontsolidatu zein hauen eremu metropolitarretan kokatzen diren etxebizitzak hartu ditugu kontutan, eskualde garrantzitsu baten hiriburu diren eremu metropolitarrak. Era berean, jatorri kultural ezberdinen erakusgarri izan daitezkeen hirietako etxebizitzak topatzen saiatu gara, hala nola, Chicago, Casablanca, Acra edota Pekin.

Aipatu beharra dago interneten topatutako promozioak izanik, erosle posiblearen perfila mugatu izana. Era berean, beste analisi sakonago baterako utziko genituzke bestelako faktore batzuk; hala nola balkoi/terrazen presentzia (promozio konkretuaren kalitatearekin erlazionatuta egon daitekeena) edo barne banaketa eta biztanleen egoera sozio-ekonomikoaren arteko erlazioa.

Irakurtzen jarraitu aurretik, gurekin jolasa partekatzeko, testua laguntzen duten barne banaketak ikuskatu eta hauen inguruko gogoeta txikia egitea proposatzen dizuegu; zein herrialde edo kontinentetan kokatuko liratekeen asmatzen saiatuz esaterako.

1 irudia: Henrietta’s Residences, Cantonments, Acra. Ghana.
2 irudia: Eden- Living the next level, Frankfurt. Alemania.
3 irudia: Foresta Panama Norte, Panama Hiria. Panama.
4 irudia: Belem Panamby, Sao Paulo. Brasil.
5 irudia: Résidence «Echellalate», Tit Mellil, Casablanca. Maroko.
6 irudia: Shuny, Pekin. Txina.
7 irudia: North + Vine apartments, Chicago. EEBB.
8 irudia: Aires de Fuentelucha, Alcobendas, Madrid. Espainia.
9 irudia: Ramat Beit Shemesh Daled, Beit Shemesh, Jerusalem. Israel.
10 irudia: Belle Vue Shinbashi, Tokyo. Japon.

Irudi-analisiaren ondorioak

Hemen ageri diren eta kanpoan geratutako beste oin plano batzuk aztertuta esan dezakegu, munduko etxebizitzen eskaintzan globalizazioak bultzatutako homogeneizazio kulturalaren prozesuak eragin garbia izan duela; kultura oso diferenteen arteko barne banaketak ezin desberdindu arte. Oro har, bai forma-tamaina zein erabilera aldetik espazio bertsuak topatu ditugu, hauen artean sortu daitezkeen erlazio eta hierarkiak ere oso antzekoak direlarik. Hala ere badaude aztertu beharreko aldeak, era xehatuan eta tokian tokiko adibideekin izendatuko ditugunak.

Batetik, higienearen ingurukoak izango ditugu. Nahiz eta bainugela osoak, hau da, komuna, konketa eta dutxa-bainera dutenak, ia lagin guztietan ikusten diren, herrialde batzuetan berezko aztarna mantentzen da. Badaude komuna espazio itxi aparte batean dutenak (Alemania, Frantzia) edo pasabideetan aparteko konketa dutenak (Israel). Gizarteetan higienearen inguruko ohiturak sakon errotuta daude, gainera marketing edota mundu eskalako ikus-entzunezko produktuetan (filmetan, telesaiotan…) bisibilitate gutxiko espazioak dira. Hau da, telebistan higiene-espazio gutxi ikusi izan ditugu, eta beraz, gutxi desiratzen dugu ikusgarria ez den modeloa.

Bestalde sukaldearen irekieraren inguruko desberdintasuna aztertu behar da. Joera nagusiak sukaldea egongelarekin bat egitera eramaten gaitu, horregatik, gehienetan, nahiz eta berezko espazio itxi bat izan, salaren ondoko espazioa da. Sukaldea irekia izan edo ez izan, “american way of life” delakoarekin zerikusia izan dezakeela uste dugu, telebista saioetako “biki dekoratzaileek” ere mezu hau behin eta berriro zabaltzen dutelarik. Espazio itxia izateak hein handi batean oinarri higienista ere badu, usain zein zikintasunagatik. Baina argi dago sukaldearen espazioa zabaltze honek, tradizionalki emakumearen lana izan den etxeko lana, apur bat publikoagoa bihurtzen duela. Gai honek errotutako matxismoaren, generoaren eta doktrinazioaren arteko erlazio hierarkikoa landuko lukeen beste artikulu bat ere mereziko luke.

Globalizazio kapitalistaren homogeneizazio prozesuan oraindik somatzen diren aipatutako desberdintasunak Zaida Muxik azaltzen dizkigu bere tesiaren aurkezpenean: “berdintasunen barruan, globalizazioaren emaitza arkitektonikoak ez dira guztiz berdinak mundu osoan zehar. Hiru adaptazio modu kontsidera daitezke: Amerikako Estatu Batuak eredu sortzaile bezala; Europa non eredu hauek historia, gizartearen kontzientzia kritikoa edota tradizioaren indarrez ñabartu egiten diren; eta, azkenik, Asia, Afrika eta Amerika non ereduaren kopiak ez duen eragozpenik, lehenengo munduarekin antza bilatzen den mundu pribilegiatu horren parte izateko.

Bestalde, aipu bereizgarria merezi du gure sorpresarako gehiengoaren diskurtsotik aldentzen den Japonen ereduak. Herrialde honen barne distribuzioen gaian jaioak ez bagara ere, tradizioak markatutako zenbait ezaugarri mantentzen direla ondorioztatu dugu. Aurrena, berriro ere, higiene kontuak aurki ditzakegu: etxebizitzarako sarreraren eta bertan oinetakoak gordetzearen garrantzia bere isla du banaketetan, eta bainugela bakarra fragmentaturik agertzen da (komuna batetik eta konketa-bainera segida beste bi espazio itxietan). Bestalde pasillo edo egongeletan, izaera publikoko espazioetan, armairuak eta hauen garrantzia sumatu dezakegu. Amaitzeko, ugariak dira egongela eta logela baten arteko itxitura malguak, non ate-panel irristakorren bitartez bi espazioak bat egin daitezkeen. Era honetako itxiturek eta izaera ez pribatuko armairuek malgutasunaren sustatzaile dira, espazial zein funtzionalki erabilera modu desberdinak plazaratuz.

“Machine à habiter” kapitalista, doktrinazio tresna

Ikerketa lan honen garapenarekin bat, telekomunikazio eta liberalismo ekonomikoarekin zuzenki lotua dagoen homogeneizazio kulturalaren prozesuak arkitektura domestikoan erabateko eragina duen fenomenoa dela ondoriozta dezakegu. Kontsumora zuzendutako eta irabazi ekonomikoen lemapean, etxebizitzen barne distribuzio estandarizatuak topatu ditugu, non bizitzeko modu bakar oso antzeko bati bideratuak diruditen.

Orokorrean, aztertutako etxebizitza guztiak “machine à habiter” kapitalista baten irudi izan daitezke. Bizilagunen hierarkia markaturik agertzen da, logela nagusiak duen tamainak zein erabilera pribatuko bainugelak horrela adierazten duelako. Logelek, era berean, kontzezio indibidualista oinarri, azalerak handituz banakako jarduerak ahalbidetzen ditu, bakoitzak bere armairu propioa izatera bultzatzen gaitu, bakoitzak berea. Bide berdinetik jarraituz, bainu kopurua logela bestekoa da, intimitate ez partekatuak indartuz. Sukaldeak, bere horretan, egongelarekin bat egiteko joera azaltzen du, ekintza publiko bezala ulertuz. Hala ere, duten tamaina txikia dela eta, sukaldearen inguruko garrantzia murrizten doa. Sukaldea irudi bezala erabiltzen da, baina beti ere kanpoan kontsumitzeko edota aldez aurretik sukaldatutako produktuak berotzeko erabiliz. Azkenik, egongela espazioa genuke, non sofa-telebista binomioa honen protagonista eta erabilera posible bakarra den. Horrela, ikus-entzunezkoen produktuak zein marketing kanpainek indartzen duten pentsamendu uniforme horren mesederako espazio bihurtuz.

Homogeneizazio kulturalaren ondorioz, merkatu libre globalizatuaren eskaintzak gehiengoaren gustuak babesten eta sustatzen ditu. Ezaugarri identitario eta bizimodu alternatiboak baztertuz, doktrinazioa azaleratu egiten da, zirkulua itxiz, homogeneizazio prozesua indartuz.

Bibliografía
Ander-Egg, E (2007): “El proceso de la globalización en lo cultural”, Convivir, aprender y enseñar en el aula, 187-213.
Muxí, Z (2004): La arquitectura de la ciudad global, Gustavo Gili, Bartzelona.