Aldiri Arkitektura eta abar, 27. zenbakia, 2016.
Testua: Halo arkitektura

Genero perspektiba kontutan hartuz, hots, justizia sozialaren onurarako lan eginez, hezkuntza espazioetan indarrean dagoen gizonez-emakumezko dikotomia eta izaera heteronormatiboari aurre egiteko arkitektura espazio berriak beharrezkoak dira.

Arkitektura espazio ezberdinak antolatzen dituen diziplina konplexua da, izan ere, eraikuntza teknikak, funtzionaltasuna, diseinua, jasangarritasuna, erabiltzaileen erosotasuna, eta euren arteko erlazioak uztartzea beharrezkoak ditu.

Azken hamarkadetan, diziplinaren oinarri eta konplexutasuna alde batera utzi dira, globalizazioak eta faktore ekonomikoek hala baldintzatuta. Arkitekturak duen eraldatzaile izatearen bokazioa galduz joan da, egun gidari den kapitalismo espekulatzailearen efektu negatiboa eta ukiezinak diren mekanismoak nabaritasun objektiboen moduan naturalizatu eta bereganatu dituen heinean (Montaner + Muxí, 2014).

Alvar Aaltok esaten zuen moduan, gizakiarragoa den arkitektura behar dugu, funtzionaltasunaren kontzeptu teknikoa gainditu beharra dago, alegia. gizartean aldarrikatutako gaiei erantzuna emateko ezaguera transbertsalaren beharra daukagu. Azken mendeetan ezkutaturik mantendu diren gizarte gaiak landu behar dira. Artea, teknika eta funtzionaltasuna, eragile politiko izatearen bokazioa eta inguruarekiko errespetua uztartu beharko ditugu. Hau da, arkitekturaren konplexutasuna berreskuratu beharra dago.

Hurrengo lerroetan, espazio eraikiaren garrantziaz arituko gara, indarrean dauden gizonezkoen espazio hegemonikoetan abiapuntua izanik. Eraikitakoa heziz, eta batez ere txikienen heziketa espazioei buruzko gogoeta eginez, genero ikuspuntua aplikatuz, gizarte justuago baten bidean ibiliko garelako.

Espazioen neutraltasun eza

Bizigarri ditugun espazioek zentzu kulturala dute, ezagupenaren produkzioak ere bide hori jarraitzen duelarik. Beraz, espazioak ez dira neutroak. Botere egitura androzentrikoen arabera diseinua mugatu, hierarkizatu eta baloratu egiten da, eta gizonezkoen identitate kulturaletik habiatuz, ondoriozko dominazio sistemek indarrean jarraitzen dute. Gogoratu dezagun honenbestez, generoa eraikuntza sozial eta kulturala dela.

Hiri eta arkitektura liberalaren sorrerak, esfera pribatu eta publikoaren arteko bereizketan du oinarrietako bat (Arendt, 2007). Ideia hau Carol Gilliganen zaintzaren etikaren teoriarekin uztartuz, subjektu unibertsalaren -gizonaren- eraikuntza eman zen. Publikotasuna gizonezkoekin lotu zen eta esfera pribatu eta domestikoa emakumezkoekin. Hau da, generoaren arabera rol ezberdinen banaketa egitean, emakumezkoek euskarri lana burutu eta gizonezkoek profesioa ikasi eta egun bizigarri ditugun espazioak eraiki zituzten unibertsaltasun arrazionala ahotan zutela. Perspektiba partikularrak, gizonezkoenak, neutral bezala proiektatuak izan dira. Moraltasun kanoniko eta hegemonikoak, tradizioz, emakumeari atxikitutako portaerak ukatu eta unibertsaltasun neutral horretatik kanpo utzi ditu. Hots, gizonezkoen esperientzia gizakion esperientzia bezala ulertzen da.

Gaur egungo errealitatea publiko-pribatu binomioaren arabera eraikia izan denez gero, gizarte egituretan zein espazioak erabili eta ulertzeko dugun moduak dikotomia politikoa plazaratu du; arrazoia -gizona- eta emozioen -emakumearen- arteko banaketarekin alderatu daitekeelarik. Egun ezagutzen dugun publikotasunak neutraltasunera garamatza, unibertsaltasunerantz, eta ondorioz, pribilegioen arabera hierarkizatutako gizarte egiturarantz.

Arkitektura espazioak espazio plural bezala ulertu eta antzeman nahi baditugu, unibertsaltasunaren eta neutraltasunaren zentzua alboratu behar dugu. Ezberdintasunak balore eta prozesu bezala ulertuz, hauen arabera eraikitako, eta ez berdintasun unibertsaletik ateratako, espazio inklusiboak behar ditugu (Young, 2000).

Heziketa espazioak

Espazioak eta bere ezaugarri fisiko, adierazpen eta sinbolikoek, gizartean influentzia izan eta gizakion portaeran eragina duten moduan, heziketa espazioetan eta bereziki eskoletan ematen diren eraikitako ezberdintasun espazialen inguruko gogoeta egingo da.

Ezagutzen dugun heziketa sistemak ezagupenaren transmisio hierarkikoan du oinarri, irakaslearengandik ikasleak jasotzen du ezaguera, tradizioz ezarritakoaren igorpena ematen da, egiteko era edo formak errepikatuz, gizarte eta kultura mailan erreprodukzioak sortarazi direlarik (Zafra, 2015). Hau da, eskola espazioek ez dituzte soilik ezberdintasun sozial eta egituratuak nabarmentzen, baizik eta hauek kopiatu eta ezilkortu egiten dituzte.

Aurreko atalean aipatutako espazioen neutraltasun eza ahora ekarriz, eta errepikapenekin konektatuz, eskoletako espazioak XXI. mendeko feminitate eta maskulinitatearen epitome bihurtu dira (Acaso, 2015). Oinordekotza kultural moduan jasotzen ditugun genero rol zehaztuei pairatzen dugun kapitalismo garatuaren oinarriak gehitzen badizkiogu, sistema patriarkatuaren bermearen eragina nabaria dela esango genuke. Beraz, heziketa mistoak sexuaren araberako desberdintasunak zuzentzeko bidea zabaldu duen arren, eredu maskulino hegemonikoak indarrean jarraitzen du eduki esplizitu eta ezkutuen bitartez. Ondorioz, hezkuntza zentroak, neutraltasuna bultzatuz, instituzio sozial eta hezitzaile moduan gizonezko eta emakumezkoen jokabide eta roletan paper garrantzitsua betetzen dute (Moreno, 1993). Are gehiago, generoak «garena» identifikatzen du, eta Maria Acasok «dagoena» bezala karakterizatuko du.

Esate baterako, txikienen errealitatearen inguruko gogoeta eginez, eurek erabilitako sozializaziorako espazioak genero irizpidearen arabera banatuak daude: koloreak, janzkerak, ekintzak, jolasak, komunak… (Preciado, 2006) Hezkuntza esperientzia beraz, dikotomia zurrun baten baitan habiarazten dugula ondoriozta dezakegu (Platero, 2013).

Honenbestez, eskoletako epistemologia normatiboaren funtzionamendua zalantzan jarri beharra dago (Preciado, 2016) eta ondorioz, heziketa espazioen inguruko gogoeta egitea beharrezkotzat jotzen da. Bakarra, zurruna eta uniformea zen soluzioa alde batera utzi eta erantzun ezberdin eta originalen garaia heldu da, esperimentalak eta irekiak izan behar duten heziketa espazioan beharra dago. Ikasleen heterogeneitatea errespetatuko duen pedagogia erradikalaren eta ondoriozko espazioen aldarrikapena egin behar da, norma binario eta unibertsalak eredu akademikoaren zentrotik aldenduz.

Heziketa prozesua pentsamenduaren askatasunerantz garamatzan ibilgailu bezala antzemanez, gizarte egitura zurrunen eraldatzaile izatearen bokazioa aldarrikatu beharko da. Heziketa espazioek ez dute jasotako herentzia kultural eta sozialaren isla izan behar, baizik eta kultura produkzioaren estimulu izan behar dute, era berean honen eraldatzaile potentzial bihurtu daitezkeelarik. Horrela, ezagutzen ditugun espazio heteronormatiboei aurre egin ahal izateko, espazio ezberdinen banaketa zein kudeaketa genero irizpideen arabera antolatu eta moldatu beharko lirateke, berdintasunaren irizpideen arabera, alegia.

Ondorioak

Generoaren araberako espazioaren kudeaketa eta distribuzioak uste baino garrantzia handiagoa izan du, espazio eta boterearen arteko asimilazioa arazo bezala planteatzera heldu daitekeelarik. Gizonezko eta emakumezkoen espazioa bizitzeko moduak sistema produktiboaren ikuspuntuan du erroa, esfera publiko eta pribatuaren arteko ezberdintasunean eta ondoriozko rolen banaketan.

Egoera honi aurre egin ahal izateko, hau da, arkitekturak ezberdintasun eta diskriminazio egoera hauek gainditzen laguntzeko, eskola espazioen ikerketa eta analisitik habiatuz, adierazpen sexistak detektatu behar ditu. Ikaskuntza zentroaren testuinguru geografiko-sozialetik hasita, eraikinaren egoera, gelen kokapen eta erabilera, jolastokiak, zona berdeak, gimnasioa… aztertu beharko dira erabiltzaileen jokabideen inguruan hausnartzeko.

Bibliografía
Acaso, M (2015): Castigados sin fiesta o el papel de la educación del siglo XXI en el terreno de la no-discriminación sexual. <http://www.mariaacaso.es/> (Kontsulta: 2016-04-26).
Arendt, H (2007): La condición humana, Paidos Ibérica, Bartzelona.
Montaner + Muxí, J.M. + Z. (2014): Arquitectura y política; Ensayos para mundos alternativos, Gustavo Gili, Bartzelona.
Moreno, M (1993): Como se enseña a ser niña: El sexismo en la escuela,Icarla Editorial, Bartzelona.
Platero, L.R. (2013): Marañas con distintos acentos: Género y Sexualidad en la Perspectiva Interseccional, Encrucijadas. Revista Crítica de Ciencias Sociales, 5, 44-52.
Preciado, P.B (2006): Basura y género. Mear/Cagar. Masculino/Femenino.<www.hartza.com/basura.htm> (Kontsulta: 2016-03-01).
Preciado, P.B. (2016): El colegio y el ambito domestico estan idealizados pero son de los espacios mas violentos, Entrevista El diari de l’Educació. <http://www.eldiario.es/catalunya/educacion/espacio-domestico-idealizados-espacios-violentos_0_479802838.html> (Kontsulta: 2016-04-26)
Young, I.M. (2000): Las cinco caras de la opresión in Morant, I. ed. La justicia y la política de la diferencia, Ediciones Cátedra, Madril.